Telefónica Fundazioaren Espainiako Sozietate Digitalaren Txostenak erakusten du EAEk konektibitatea eta eraldaketa digitala sendotu dituela.

Euskadi Europako lurralde aurreratuenetako bat da Informazio Gizarteranzko eraldaketaren arloan, izan ere, 5. postuan  dago Danimarka, Suedia, Finlandia eta Herbehereen atzetik. Halaxe dio Telefónica Fundazioaren SdE txostenak, zeinak orobat nabarmentzen baititu digitalizazioa bultzatzera bideratutako eta Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen bitartez gauzatutako hainbat ekimen. SPRI Taldearen helburua da Euskadiko Agenda Digitala garatzea, eta horretarako, euskal enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzen du, enpresentzako zerbitzuak, aktiboak eta laguntzak martxan jarriz eta tresna berriak bultzatuz, hala nola, Big Dataren analisia, machine learning, adimen artifiziala, marketin digitala eta erabakiak hartzeko prozesuak hobetzera bideratutako beste baliabide batzuk.

Euskadi EBren buruan dago eraldaketa digitalean

SdE 2019 txostenak dioenez, Euskadik posizio sendoa du Europako Agenda Digitalerako garrantzitsuak diren adierazle guztietan (datu horiek Digital Economy and Society Index txostenean daude jasota), eta emaitzak hobetu ditu aztertutako bost dimentsiotatik lautan. Garrantzitsuena da konektagarritasuna, % 8,5eko hazkundea izan baitu 2018arekin alderatuta. Hala, konektagarritasunaren arloan, EAE lehen posturaino igo da eta Europako gainerako lurraldeen gainetik kokatu da. Hori lortzeko ezinbestekoa izan da politika publikoek egin duten apustu irmoa eta zuntza lurralde osora zabaltzea.

2019an orobat hobetu da teknologia digitalen integrazioa, zehazki, % 5,7 hazi da

Txostenak espreski nabarmentzen ditu enpresen digitalizazio teknologikoaren garapena eta merkataritza elektronikoaren hobekuntza. Halaber, zerbitzu publiko digitalek ere gora egin dute (zehazki % 7,3), neurri handi batean ugaritu egin direlako Gobernu elektronikoaren erabiltzaileak.

EUSKADI

Bankaren eta online erosketen hazkunde motela

Euskadi adierazle bakar batean kokatu da Europako batez bestekoaren azpitik, alegia, Interneten erabileran, eta horren arrazoia da banka eta onlineko erosketak astiro hazten ari direla. Halere, adierazle hori % 6,1 hazi zen 2019an, eta ohiko erabiltzaileen kopurua ere ugaritu egin zen, % 11ra iristeraino.

ETORKIZUNA

Azkenik, Telefónica Fundazioak eraldaketa digitalaren aurrerapenari buruz eginiko txostenak orobat aipatzen ditu Euskadik 2019an arlo horretan garatu dituen proiektu garrantzitsuenetako batzuk. Horietako bat da Basque Cybersecurity Centre, Eusko Jaurlaritzak bultzatu duen erreferentziazko erakundea, zeinaren helburua baita zibersegurtasuna garatzea eta Euskadiko hiritar, enpresa zein erakunde publikoen konfiantza digitala hobetzea. SPRI Taldeak Enpresa Digitala programaren bidez garatu dituen ekimenak ere jaso ditu: Barnetegi Teknologikoak, Mikroenpresa Digitala Prestakuntza eta Inplantariak programa. Denek dute helburutzat lehiakortasuna eta EIKTen erabilera hobetzea ETEen artean. Beste proiektu aipagarrienetako bat da Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Ikanos ekimena, pertsona eta antolakundeen gaitasun digitalak hobetzera bideratua dagoena.